INDARREAN DAUDEN EGITASMOAK
INDARREAN DAUDEN EGITASMOAK
Begirale, zaintzaile eta eskola partikularretarako irakasle euskaldunen lan-poltsak 2008-2009
2008ko urritik aurrera Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak zaintzaile, begirale (aisialdi-begiraleak, kirol-begiraleak…) eta eskola partikularretarako irakasle euskaldunen lan-poltsak osatzeari ekingo zion. Zerrenda hauek osatuz joan ahala, Euskara Zerbitzuak gurasoei alde batetik, eta aisialdi, kultura eta kirol-elkarteei bestetik, lan-poltsa hauen berri emango die eta aipatutako lanbidea burutuko duen pertsonen beharra duen edonoren esku jarriko ditu zerrendok. Bitartekari lana baino ez du egingo Euskara Zerbitzuak.
Hortaz, haurrak zaindu, eskola partikularrak eman edota begirale (kirol-begiralea, aisialdiko begiralea) izan nahi baduzu eta euskara badakizu izena eman ezazu lan-poltsan!

Iradokizun postontzi berriak
Euskara Zerbitzuaren helburu eta egitekoa euskal hizkuntza bizitzako esparru guztietan normalizatzeko neurriak hartzea da.
Gehienetan ez da egiteko erraza izaten, batez ere, herriaren eta Euskara Zerbitzuaren ezagutza falta zein komunikazio falta dela eta.
Egoera hau ekidin nahian eta, euskararen normalizazioa guztion erantzukizun eta egitekoa denez, iradokizunak jasotzeko postontziak jarri ditugu Mankomunitateko bulegoetan eta zenbait udaletxe eta kultur etxetan Uribe Kostako herritarrek euskara herrian sustatzeko proposamen, ideia, kezkak eta abarrak uzteko.
Horrela, denon artean, euskararen aldeko urrats irmoagoak eman ahal izango ditugu.
Sopelanako postontziak: Udaletxean eta Kultur Etxean.
ANIMA ZAITEZ ETA LAGUNDU EUSKARA ZERBITZUA HOBETZEN!
Berbalagun egitasmoa Uribe Kostan
Martxan da aurten ere Uribe Kostako Berbalagun egitasmoa eta bertan parte hartu nahi duenak zabalik du matrikulatzeko epea. Hirugarren urtez, Uribe Kostako mankomunitatean biltzen diren zazpi herrietan, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta ez dutenak elkartu nahi dira euskara praktikatzeko, hobetzeko edota plazara ateratzeko helburuarekin.
Ekimen honetan, lau pertsona inguruko taldeak elkartuko dira, euskaldun zaharrak eta berriak tartekatuz. Astean ordu betez geratzea adostuko da hasieran, taldekideek beraiek, aukeratuko dutelarik non eta noiz gelditu, zer egin.
Horrez gain, hilero, Berbalagunak bilduko dituzten ekintzak ere antolatuko dira, irteerak, afariak…modu honetan, euskararen harreman sareak gehiago zabalduz.
Horrez gain, hilero, Berbalagunak bilduko dituzten ekintzak ere antolatuko dira, irteerak, afariak…modu honetan, euskararen harreman sareak gehiago zabalduz.
Talde hauen jarraipena egiteko, arazoak konpontzeko, informazioa zabaltzeko zein zalantzak argitzeko arduradun baten laguntza izango da eta bera arduratuko da taldeen osaketaz, ekintzen antolaketaz.
Iaz 60 pertsona inguruk hartu zuen parte proiektuan eta euskaraz mintzatuz, zaletasunak konpartituz eta jende berria ezagutuz, euskaraz berba egiteko gaitasuna garatu zuten.
Hori dela eta, aurten, berriro martxan jartzeko premia ikusi da, eta urritik aurrera, eskualde honetako herrietan, egitasmoaren aurkezpenak izango dira Berbalagun hurbilagotik ezagutzeko. BERBALAGUN EGITASMOAren aurkezpena Sopelanako Kurtzio Kultur Etxean izango da urriaren 7an, arratsaldeko 19:30ean.
Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Uribe Kostako mankomunitateak diruz lagunduta dago, eta Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren eskutik kudeatzen da.
Izena emateko:
Telefonoz: 605 77 35 41 (Ekaitz) Posta elektronikoz: berbalagunuribekosta@hotmail.com
.jpg)
Ukirolak aldizkaria
Ukirolak, izenak argi uzten duen bezala, kirol-aldizkaria da, kirol-gaiak baino jorratuko ez dituena, euskaraz.
Kirola, ezbairik gabe, guztiz komenigarria da bizi garen gizarte gero eta sedentarioago honetan; izan ere, gorputza bera askatzeaz gain, gogoa ere askatu egiten zaigu kirola eginez. Eta askatze hori, hizkuntza-normalkuntzaren aldetik, euskaraz egiten bada are eta hobe. Kirola ere oso atal garrantzitsua da hizkuntza-normalkuntzarako: jarduera honek ordu asko betetzen ditu komunikabideetan, gure arteko elkarrizketetan, gure aisialdian... Eta hor eragitea guztiz funtsezkoa iruditzen zaigu euskara-teknikarioi.
Kirolak, gauzatu bitartean, hizkuntza-produkzio handirik ez duen arren, bai, ordea, horren inguruan sortzen diren komentarioak, albisteak, gorabeherak, ika-mikak. Ekimen honen bitartez nahi duguna da gazteek batez ere bertoko kirol-gaiak euskaraz irakurri ahal izatea; izan ere, gure eskualdeak badauka zeresanik kirolaren munduan: gero eta kirolari gehiago sortzen dira gure inguruan, eta errealitate horren isla izatea da gure asmoa, betiere euskaraz argitaratuko den aldizkari honen bitartez.
Hiruhilabeteko aldizkaria da, beraz, lau argitaratzen dira urtean.










Uribe Kostako hizkuntza ondarea eta ondare etnografikoa bildu eta zabaltzeko proiektua
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak eta Getxoko Udalak hitzarmena izenpetu zuten 2005eko uztailaren 7an, Getxon, hizkuntzaren eta kulturaren arloko proiektu jakin bat batera eramateko aurrera. Hauxe da proiektua: Getxoko eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko herri guztietako hizkuntza-ondarea eta ondare etnografikoa bildu, sailkatu eta material didaktikoa sortzea*.
Sortu den materiala txertagarria da Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeentzako Euskal Curriculumean; eta materiala euskarri informatikoan eta paperezkoan aurkeztuko da.
Gizakien eta gizarteen ezaugarrietariko bat kultura-ondarearen belaunaldirik belaunaldiko transmisioa da. Gurasoek, seme-alabei, eurek ikasitako ohitura eta ikusmoldeak, uste-sinesmen eta jokabideak irakasten dizkiete. Baina gaur egun hori ez da bete-betean horrela, eta ahozko transmisio hori eten egin da. Hau da, lehen etxean gurasoengandik ikasten zirenak, orain eskolan irakasten dira, eta familiek betetzen duten gizarteratze-funtzioa gaur ume-eskolek egiten dute.
Horren ondorioz, desagertze bidean daude mendeetan zehar herri-pentsamoldea osatu duten elementuak, eta gure arbasoengandik, gizaldiz gizaldi, naturaltasunaz hartu izan ditugunak. Galtze hori Euskal Herrian nabariagoa da; izan ere, gizarteak aldaketa-prozesu arina eta sakona bizi izan du. Jendearen bizimodua aldatu egin da erabat, bizimodu modernoak tradizionala zapaldu du, ito. Tradiziozko ogibideak, lan-prozesuak, ohiturak, sineskerak, lexikoa... mundu bat, azkenean, joan zaigu, eta zer esanik ez, hizkuntza bera.
Ondare hori modu sistematikoz eta metodologikoz batu ezik, betiko galduko dugu. Gure Euskal Herri honetako benetako lekukoak joan doaz, eta eurekin daramate gure herriari nortasuna ematen dioten kultura eta hizkuntza-aberastasuna.
Horregatik, bada, berandu baino lehenago, heldu egin diogu egitasmo kultural eta linguistiko honi. Halatan, ahoz bildutako materialaren ikerketaren bidez helburu nagusi hori bete ahal izango dugu: herri-jakituria eta kultura-tradizioa bildu, bere aberastasunari eutsi eta iraunarazi, ondarea landu eta azkenean belaunaldi berriei transmititu, aurrekoak izan ziren moduan ondorengoak ere, kate luzearen kate-begiak bezala, altxor horren jabe eta jagole izan daitezen.
*Oharra: Erandio eta Leioa ere, 2008 urtean, tokiko euskaldun zaharrei grabaketak egiten ari dira.


Erabilera plana
Erabilera-plana edo euskara-plana erakundeak dituen ezaugarri eta premietara egokitutako prozesu planifikatua da, eta beronen helburua euskararen erabilera areagotzeko ekintzak planifikatzea eta bultzatzea da. Planaren bukaeran, euskararen erabilera handiagoa izango du erakunde horrek, bai barne-harremanetan, bai kanpo-harremanetan.
2009. urtean, Euskara Zerbitzuak udal langileak euskalduntzeko euskara ikastaroak antolatzeaz gain, laneko mahaian ipintzeko zenbait hiruki banatu zituen langileek bezeroei harrera euskaraz egin diezaieten. Horrez gain, mahaiko hiruki horiek zerbitzua euskaraz eman dezaketen langileak identifikatzeko ere balio dute.








